Garapen iraunkorra
Garapen iraunkorra, jasangarria edo sostengarria da guk babesten dugun filosofia; ondorengo belaunaldien garapena eragozten ez duena, baliabide naturalen eta ondarearen kalitatea eta kantitatea gordetzen baitu. Egungo beharrak asetzen dituen garapen mota da, baina etorkizuneko belaunaldiek beren premiak asetzeko izango dituzten aukerak arriskuan jarri gabe.Arbizuko eko-kanping taldea osatzen dugun arduradunok garapen mota hau aurrera eramateko lau zutabe nagusi azpimarratzen ditugu gure proiektuan: iraunkortasuna, bio-eraikuntza, bio-klimatikotasuna eta energia berriztagarrien erabilera. Horrela, lau euskarri nagusi hauetan oinarritzen dugu gure proiektua eta gure turismo eskaintza.Hori dela eta, denon onurako erabiltzen ditugun eraikinak (harrera, komunak, etab.) egurrarekin eta lastoarekin eraiki ditugu. Material natural hauek oso ekonomikoak dira eta lokalen isolamendurako ezin hobeak dira. Honi esker, neguan material hauek beroa helarazten dute eta udan freskotasuna sentitzen da; hortaz, eraikin hauek behar duten kontsumo energetikoa oso urria da.Bungalowak egurrez eraikitako etxe bioklimatiko txikiak dira. “Sandwich´´ modura eraiki dira material birziklatuak eta naturalak erabiliz (ardi artilea eta galtza birziklatuen kotoia esate baterako).Bestalde, natura eta ekologiaren inguruan gehiago ikasi nahi dugu, gure ezagutza handitzea da proiektu honekin daukagun beste helburu nagusietariko bat. Horregatik, eko-herrixken eredua aintzat hartu dugu eta hauek ikasteko daukaten metodologia jarraitu nahi dugu. Ekoteknologia, ekoenergia eta ekokontsumoa balioetatik abiatuta ikastaroak eta tailerrak antolatzeko asmoa daukagu, eta dagoeneko hainbat formakuntza egin ditugu. Ez dugu ahaztu behar enpresariak garen aldetik gure inguruarekiko erantzukizun soziala daukagula.Bukatzeko, gure bezeroak eta bisitariak gure paisaiaz eta naturaz gozatzea da guk daukagun helburua, beti ere ingurumena errespetatuz eta zainduz. Gure inguruan daukagun eremu naturalak ugariak dira, hortaz, hauek zaintzeko konpromiso handia daukagu. Hori dela eta, neurri zehatzak hartu ditugu gure asmoa gauzatzeko, Sakanako mankomunitateak aurrera daraman eginkizunarekin bat eginez.